Jose Maria Juaristi: 'Bi pilotaleku daude orain Floridan, eta guk jokatzen genuen garaian hamabi zeuden'

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 21a, 11:28

Atanotar pilotariak asko dira Azkoitian, baina zestan aritu dena, bakarra. Jose Maria Juaristi Etxaniz ‘Atano’ (Azkoitia, 1941) Kontzejupean esku pilotan hasi zen txikitan, baina, eskuko minak zirela eta, zesta probatu zuen, eta, hala, punta-puntako pilotari ospetsua izan zen urte askoan. Gaur egun, Orlandon (Florida, AEB) bizi da familiarekin, baina herrimin handiarekin etortzen da urtero familia bisitatzera eta herriaz gozatzera.

 

Pilotan hasi, eta nolatan amaitu zenuen zestan jokatzen?

Betidanik gustatu izan zait esku pilota. Gaztetan eskuz jokatzen nuen, eta, gainera, aitak beti esaten zidan nire adinarekin etxean neuk egiten nuela ondoena pilotan. 14 urte nituenean, ordea, beti eskuko minez egoten nintzen. Gogoan dut behin Apala-k nola galdetu zidan lagunak Kontzejupean pilotan ari ziren bitartean eta ni haiei begira nengoela: “Zer egiten duzu hemen? Zergatik ez zara ari jokatzen?”. Nik eskuko minez nengoela esan nion, eta hark “14 urte eta eskuko minez?”, galdetu zuen. “Hortik ez duzu biderik, eta zesta ekarriko dizut”, esan zidan gero. Nik ez nekien zesta zer zen ere, baina hark ekarri egin zidan. Zesta eskuan sartu nuen, proba egin eta hara! Minik ez nuen hartu. Gero, txantxetan jolasean hasi ginen Gurea pilotalekuan, eta, hala, pixkanaka ikasiz joan nintzen. Azkenean, Tolosan urte bat eta Durangon beste bat egin nituen maisuen aginduetara zestan ikasteko.

Zein izan zen Ameriketako lurrak zapaltzeko aitzakia?

Ameriketako Estatu Batuetara 21 urterekin joan nintzen lehenengo aldiz; zehazki, Tampa hirira, pilotan jokatzera. Estatu Batuak zapaldu aurretik, ordea, Mallorcan izan nintzen soldaduska egiten. Boluntario moduan joan nintzen, batez ere, han pilotalekua zegoelako. Beste lekuren batera joan eta bi urtez pilotan jokatu gabe egotea luze egingo zitzaidala pentsatu nuen.

Eta, soldaduska amaitutakoan, Tampara joateko kontratua eskaini zidaten. Han sei urtez egon nintzen, baina, pilotariok egin genuen greba zela eta, tarte hori Milanera [Italia] joateko aprobetxatu nuen. Han nengoela, berriz, West Palm Beach hirira joateko deitu zidaten. Orduan, pilotari asko erretiratu egin ziren grebaren ostean, ez genuelako lortu nahi genuena. Zorionez, nik zortea izan nuen, eta West Palm Beachera joan nintzen. Azkar asko pasatu ziren 11 urte haiek.

Eta Orlandora noiz iritsi zinen?

38 urterekin joan nintzen Orlandora. Hango nagusia ezagutzen nuen, eta nahi nuen denboran jokatzeko gonbita egin zidan. Horrela, 43-44 urte egin arte jokatu nuen. Baina, hala ere, pilotari lotuta jarraitu nuen. Gauza asko egin nituen pilota utzi ondoren ere: hango nagusi ere ibili nintzen, pentsa. Masajea ematea ere nire zaletasunetako bat da, eta pilotarien masajista ere urte askoan jardun nuen.

Masajista izateko ikasketak egin zenituen orduan?

Ez, baina munduko maisurik onena eduki nuen: pilotari denek ezagutzen dute Sol masajista, Miami Beachen bizi zena. Niri masajea ematen zidan hark, eta nik, kuriositatez, beti galdetzen nion masajea zergatik ematen zuen modu batean edo bestean. Hala ere, ikasteko modurik onena esperientzia izan da: 45 pilotari entrenatzen nituen, eta haiei guztiei nik ematen nien masajea. Indar handikoa nintzen ni, eta pilotari asko beldurtuta ere egoten ziren emango nien minagatik. Oraindik ere etxean ematen ditut noizean behin; telefonoz deitzen didate batzuek, eta hantxe ematen ditut musika pixka bat jarrita.

Nola egin zenuen Orlandon bizimodua?

Etxea erosi nuen eta neska koskor bat ere ezagutu nuen, ni baino hamalau urte gazteagoa. Pilotalekura etortzen zen nire bila. Hark 18 urte zituen, eta nik 32; askotan lotsatu ere egiten nintzen egoera hartaz. Pixkanaka aurrera joan zen harremana, baina ezkontzerako nahikoa denbora pasatu zen. Gero umeak etorri ziren. Ohiko bizimodua izan da nirea.

Nola ikasi zenuen ingelesa?

Kalean ikasi nuen, eskolara joan gabe, libururen baten edo besteren laguntzarekin. Irakasle ingeles bat eduki nuen bi hilabetez, baina gero Orlandotik joan egin zen. Irakasle hark, bi hilabetean, nik hamar urtean ikasi nuena baino gehiago irakatsi zidan. Sekulako pena eman zidan joan zenean.

Gustura bizi al zara Orlandon?

Bai. Seme-alabak langileak eta oso onak dira, eta zortekoa naizela esan behar dut. Orain erretiratuta nago, eta pasierak egiten dut, han sekulako paisaiak baitaude. Etxebizitza zona batean bizi naiz, eta aurrean golf zelaia dago. Zelaiaren bueltan ibiltzen naiz, eta perretxikotan ere asko egiten dut. Florida osoan ez du inork perretxikorik topatzen, neuk bakarrik [barrez].

Gaur egun nola dago Floridan pilota mundua?

Jada ez dago ia ezer; bi pilotaleku daude orain Floridan, eta guk jokatzen genuen garaian hamabi zeuden. 12.000 pertsona inguru sartzeko adinako pilotalekuak ziren gure garaikoak, eta diru asko mugitzen zen haietan: milioi bat dolar jokatutakoak ere baziren. Sekulako ospea zeukan pilotak, eta pilotariok ere bai. Askotan, pentsatzen genuen ezin zitekeela posible izan ikusten genuena: pilotazaleek askotan etxera afaltzera gonbidatzen gintuzten pilotariok, inor ezagutu gabe gainera. Gu harrituta gelditzen ginen. “Ni azkoitiarra nauk; idazten ere ba al zekiat, ba?”, esaten nion neure buruari. Gure izen-abizenekin ere txundituta gelditzen ziren, ezin baitzituzten ondo ahoskatu. Gu hara joan ginenean ez zekiten gure herriaren historia zein zen; guk kontatutakoa zekiten bakarrik. Gerora, berriz, jende asko ezagutu nuen Euskal Herria ezagutzera etorritakoa. Nire alabari ere asko gustatzen zaio Azkoitira etortzea. Txikitan askotan ekarri genituen seme-alabak, zein ginen eta euskaldunak nola bizi diren-eta azaltzeko. Orain, berriz, ni baino gehiago dakite Euskal Herria zer den, Interneti esker. Euskaldunak direla esaten dute.

Umeak izan aurretik ez al zenuen Azkoitira etortzerik pentsatu?

Azkoitian lokalak eta denak erosi nituen, baina urte asko ziren herritik kanpo, eta hango bizimodura ohitua nintzen jada. Gero umeak etorri ziren, eta umeek adina tira egiten duen lurrik ez dago inon. Halere, urtero etorri izan naiz herrira; ama bizi zenean, urtean bi aldiz ere bai. Orain seme-alabak dira gustura etortzen direnak. Neu Azkoitira bizitzera itzultzea zaila ikusten dut.

Han nola dago pilotaren kultura? Seme-alabei ez al diezu irakatsi pilotan aurrera egiten?

Ez. Pilotari batzuek irakatsi zieten semeei, baina nire semea, esaterako, bizikletazalea izan da txikitatik. Nire iloba Alex Juaristi da familian pilotari jarraitu dion bakarra. Nahiago nuke txapeldun izango balitz egunen batean!

Euskaraz egiten al diezu seme-alabei?

Txikitan bai, eta orain ere hitz asko esaten dizkiet euskaraz. Semeak, txikia zenean, euskaraz egiten zuen hemen, baina eskolan hasi zenean galdu egin zuen.

Zenbat aldiz etortzen zara Azkoitira?

Urtean behin etortzen naiz normalean, baina familia guztia batera ez gara etortzen Azkoitira. Emaztea, adibidez, orain ez da etortzen; herri txiki hauetan txutxu-mutxuetarako dagoen joeragatik-edo lotsatu egiten da. Izan ere, han ez zaio begiratzen alboko lagunari, ez nola janzten den, ez zertan ari den… Hemen, berriz, besteen berri dena jakin behar izaten da. Nik, esaterako, Azkoitira etortzen naizenean, arrebaren aginduei men egin behar izaten dien janzteko orduan. Ez dit uzten edozein modutan jantzita kalera irteten [barrez].

Nolako harremana daukazu familiarekin?

Astero deitzen diot arrebari, etxeko kontuak jakiteko. Ez pentsa euskara galduko dudan beldurragatik deitzen diodanik; badakit bi urtean euskaraz hitzik egin gabe egongo banaiz ere ez dudala ahaztuko. Niretzat, euskara bizikletan ikastea bezala da: sekula ez da ahazten. Bakarrizketan ere jarduten dut euskaraz hitz egiten, bai baitakit han inork ez didala ulertuko [barrez]. Euskal Herriko pilota partidak-eta ordenagailu bidez ikusten ditut, eta Reala ere askotan ikusten dut.

Gastronomia nolakoa da han?

Denetik dago han ere. Antxoak, adibidez, ez dira egoten, baina oro har dena dago. Antxoen eta txitxarroaren zale amorratua naiz, eta Azkoitira etorritakoan asko gozatzen dut horiek jaten.

Maxixatzenen webgunetik hemengo berriak irakurtzen al dituzu?

Bai, begiratzen dut Maxixatzen.eus. Nik ez nekien zegoenik ere, baina arrebak eman zidan helbidea, herriko kontuak jakiteko. Orain, berriz, gogokoenen artean dut gordea Maxixatzenen helbidea.

Zer botatzen duzu faltan gehien?

Familia. Mundu honetan garrantzitsuena familia da niretzat, eta uste dut besteentzat ere hala izango dela. Lagunen falta ere sumatzen dut, noski. Herrimina askotan izaten dut. Udaran etorri nintzenean, denboraldi osoa egon nintzen herritik atera gabe. Alabak esan zidan Donostiara joango al ginen egun-pasa, baina ezetz esan nion; nahiag

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide