1766ko matxinadari buruzko ibilaldi gidatua bi aste atzeratu dute

Maxixatzen.eus 2017ko api. 3a, 17:00
Olatz Arangurenek gidatuko du ibilaldia.

1766ko matxinada ezagutzeko ibilaldi gidatua apirilaren 22ra atzeratu dute. Hasiera batean apirilaren 8an, zapatu honetan, egitekoak ziren, baina azken orduko arrazoi bat tarteko, bi aste atzeratu behar izan dute. Ordutegia eta gainerako asmoak mantendu egingo dituzte.

 

Ibilaldia 10:00etatik 12:00etara izango da, Azkoititik abiatu eta Azpeitira joango dira, Olatz Arangurenek gidatuta. Azkoitiko Maxixatzen Euskara Elkarteak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Udalak antolatu dute ibilaldia.

250 urte bete ziren iazko apirilean Azkoitian eta Azpeitian gariaren matxinada bezala ezagutzen den altxamendua lehertu zela. Gariaren eta artoaren prezioak igotzeak eta beste zenbait arrazoik eragin zuten herri xehearen altxamendua, garai hartako jauntxoen aurka. Gertakari hau ezagutzeko hainbat jarduera egin ziren iaz bi herrietan: hitzaldiak, erakusketak…

Honekin jarraituz, ibilaldi gidatua antolatu dute aurtengorako, Egurbideko olatik (Azkoitia) abiatu eta Azpeitian amaituko dena, "1766ko matxinada" kalearen izendapenarekin. Matxinada hartan zeresana izan zuten eraikinak eta txokoak bisitatuko dituzte, orduko gertakariak ezagutuz.

30 lagunek egin ahal izango dute gehienez ibilaldia, eta parte hartzeko izena eman behar da azpeitikokulturmahaia@gmail.com e-postara idatzita edo 688 895 472 zenbakira deituta. Autobusa egongo da ibilaldiko leku aldaketak egiteko.   

Ibilaldia laguntzeko eginiko esku-orria banatuko zaie parte hartzaileei, baita Azpeitiko Udalak ateratako "1766. urteko matxinada Azpeitian. Arrazoiak eta garapena" Ildefonso Gurrutxagaren liburua ere. Turismo bulegoetan eskuragarri jarriko dira esku-orri hauek apirilean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide