Euskara Plus, euskara eta lan mundua lotzen dituen programa hasiko dute

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 10a, 13:39
Euskara Plus programaren edizio berria aurkeztu dute.

Euskara Plus programaren edizio berria aurkeztu dute gaur goizean Nekane Larrañaga zinegotziak, Banaiz Bagara elkarteko irakasle David Fernandezek, aurreko saioetan parte hartu izan duen Muhammad Waqas Anjum pakistandarrak eta atzerriko komunitateekin harremana duen Pello Larrañagak. Etxeko lanetara eta bideratuko dute lehenengo ikastaro hori: garbiketa, sukaldaritza, umeen edota helduen zaintza, eta abar landuko dituzte. Ikastaroa Urola Ikastolako instalazioetan eskainiko dute.

 

Programa euskara ez dakiten guztiei zuzenduta dago, eta helburua da euskarara lehenengo hurbilketa egitera animatzea ikastaro trinko baten bidez, gure hizkuntza eta lan mundua uztartuz. "Laneratzeko euskara lagungarria izatea eta euskarara hurbiltzen laguntzea" da egitasmo honek bilatzen duena, Nekane Larrañagaren esanetan, "Azkoitian bizi eta lan egiteko euskara garrantzitsua delako".

Euskara Plus programarekin "lanerako euskara gaitasuna aktibatzen laguntzen" diete partaideei. David Fernandezen esanetan, erabiltzen den metodologia Europako sare batean oinarrituta dago eta gehien bat etorkinei bideratuta. "Baina gure egoera soziolinguistikoa ezberdina da, eta horretara egokitzen gara. Askorentzat gizarteratzeko bidea lana da, eta euskarak lan munduan funtzio integratzailea izatea" da euren asmoa. Saioak "oso praktikoak" dira, esan du David Fernandezek. "Ikuspegi komunikatiboan oinarritzen gara, ahozko komunikazioari garrantzia handia ematen diogu", gaineratu du.

Iaz pertsona nagusien zaintzaren inguruko bi ikastaro eman ziren eta bat ostalaritzari buruzkoa. Bakoitzean hamar-hamabi lagunek hartu zuten parte. Haietako bat izan zen Muhammad Waqas Anjum, eta oraingo ikastaroan berriro hartuko du parte. Bere esperientzia kontatu nahi izan du gaurko agerraldian. Euskaraz egin ditu lehenengo hitzak, eta Pello Larrañagak hartu dio ondoren erreleboa: "Muhammad duela hiru urte etorri zen Azkoitira, ikastaroa egin zuen iaz, baina esaten du praktikarik gabe ahaztu egiten dela ikasitakoa eta horregatik animatuko da berriz. Ikusten du garrantzitsua dela euskara Azkoitian, baina aldi berean ikastea zaila dela uste du. Nik esaten diot herrian baditugula adibide onak, pakistandarrak, nepaldarrak eta japoniarrak euskaraz oso ondo egiten dutenak. Nik parte hartzera animatuko nituzke denak".

Nekane Larrañagak euskarara hurbiltzeko saiakera egin dutenei bere esker ona adierazi die eta oraindik parte hartu ez dutenak, izena ematera animatu ditu.

 

Etxeko lanak eta pertsona nagusien zaintza

Aurten etxeko lanetara bideratuko dute lehenengo ikastaroa. Garbiketa, sukaldaritza, ume edota helduen zaintza, e.a. landuko dituzte. Ikastaroa Urola Ikastolako instalazioetan izango da.

Ikastaroan izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 15era arte, eta udaletxeko harreran egin beharko da. Ikastaroa 30 ordukoa izango da, eta martxoaren 20tik apirilaren 7ra izango da, 15:00etatik 17:00etara.

Bigarren ikastaroa maiatzean hasiko da, eta adinekoen zaintzaren ingurukoa izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide