Joseba Beristain, musikaria: 'Egoera askotan gorputzak eskatzen dit musikak nolakoa izan behar duen'

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 24a, 10:19
Beheko argazkian, ezkerretik eskubira: Agurtzane Intzaurraga, zuzendaria; Angel Alonso, zuzendari artistikoa; Joseba Beristain, musikaria; Ricardo Ramon, ekoizlea, eta Juan Luis Carreras, gidoilaria.

Aurtengo Goya sarietarako hautagaietako bat izan da Teresa eta Galtzagorri filma, Animaziozko Film Onenaren kategorian. Film horretako soinu bandaren sortzailea da Joseba Beristain Aizpuru azkoitiarra. Igande honetan (17:15) Baztartxon ikusi ahal izango da; 7 bat urteko haurrei zuzenduta dago.

Lehendabiziko aldiz haurren filma bati soinu banda jarri diozu.

Bai, hala da. Filmaren musika guztia nik sortutakoa da. Guztira ordu erdi bat inguru irauten du musikak, eta filmak 70 minutu inguru. 

Zure lehen animazioa izan da hau; erronka bat ere bazen orduan.

Bai; baina, tira, proiektu guztiak izaten dira 0tik hasitakoak. Momentuz ez zait lanik egokitu beste baten antzekoa egin dudana. Orain arteko lan guztiak oso ezberdinak izan dira.

Zertan oinarritu zara soinu banda sortzeko?

Agurtzane Intxaurraga filmaren zuzendariarekin hasieratik izan dut gertuko harremana, eta hark argi zuen zer ez zuen nahi. Musikak girotzeko balio du, baina aldi berean sentsazioen pizgarri ere izan behar du. Musikak pertsonaia bakoitzaren izaera ere ondo transmititu behar du. Normalean animaziozko filma batek lan gehiago eskatzen du eta joko gehiago ere ematen du, filma arruntak baino. Musika askoz gehiago behar izaten duelako eta sinkronizazio lan gehiago eskatzen duelako. 

Kanta bat ere badu filmak.

Bai; musikaz gain kanta bat sortzea nahi zuten; filmaren erdian eta amaieran entzuten da hori. Kanta hori bi protagonisten arteko adiskidetasunaren inguruan da. Lehendabizi kanta hori sortu nuen, eta horren arabera egin ditut filmeko beste musika guztia. Ez nuen abesti melenga bat nahi: dibertigarria izan behar zuen. Hori lortzeko, Blues Brothers, Fragel Rock, The Rembrandts, Esne Beltza eta beste hainbat musika talderen abestiak entzun nituen, eta pixkanaka forma hartzen hasi zen nirea.

Mikel De La fuente eta Aintzane Krujeiras abeslariek jarri diote kantari ahotsa; hemen entzungai: 

 

Abestietako hitzak zureak al dira?

Bai, nireak dira, baina nire bikotekidearen laguntza izan nuen. Hitzekin iritzi kontrajarriak izan nituen Intxaurragarekin hasieran; izan ere, hark gaur egungo hizkuntza nahi zuen, umeentzat gertukoa izango zena. Azkenean, biok gustura geratu ginen emaitzarekin. Hasieran kosta egin zitzaidan 6 urteko ume batekin enpatia izatea, gureak 2 urte bakarrik dituelako. Intxaurragaren laguntza funtsezkoa izan zen horretan. Bestalde, haurrentzako filma bat da, baina umeak ez dira modu "infantilizatu" batean tratatzen, ezer ulertuko ez balute bezala. Gainera, behin entzunda burutik kendu ezin den abesti bat izan zedila eskatu zidaten, eta nik uste lortu dudala.

Nolakoa izaten da animazio bati musika jartzeko prozesua?

Pelikula arruntetan irudiak grabatu eta muntaia lanak egindakoan sartzen da musika. Animazioetan, ordea, gidoia eta irudi probisional batzuk izaten ditut, eta horren gainean hasten naiz lanean. Musika guztia ordenagailuarekin sortutakoa da. Irudiek ez naute hainbeste inspiratzen, bukaerako irudiak bezain politak ez direlako izaten. Hala ere, Intxaurraga zuzendariarekin hitz eginez, bion artean joan ginen musika zehazten. Sortutako kanta rock estilora gerturatzen da; alaia eta dibertigarria da.

Imajinazioa nondik ateratzen duzu sortzerakoan?

Hainbeste urtetan hainbeste musika entzun ondoren, egoera askotan gorputzak eskatzen dit musikak nolakoa izan behar duen. Nahiz eta gero beti ez asmatu. 

Lan gehiago sortzen ari al zara orain?

Bai hiru bat lanekin ari naiz, eta denak animazioak dira. 

Modan al dago ba?

Ez dakit; niri horrelaxe egokitu zait, neu bila joan gabe. 

Nolako harrera izan du filmak?

Oso harrera ona izaten ari da. Badirudi umeek gustura ikusten dutela eta helduek ere bai. Hala ere, izugarrizko konpetentzia dago haurrentzako filmetan, eta ez da erraza jendea zinemara erakartzea halako produkzio txiki batekin. 

 

Filmaren sinopsia

Iratxoek udaberria ekartzen digute urtero. TIM lehen aldiz iritsitako iratxoa da. Feriako soinu erakargarriarekin nahasita, gainerako iratxoengandik bereizi da. Eta SAMUEL eta VLADek harrapatu dute, zirkuko atrakzio gisa esplotatzeko.

TERESA 6 urteko neska da, eta jeloskortasun handia agertzen du neba txikiaren aurrean. Ferian, TIM ikusi du jendaurrean ikusgai, eta hura gutiziatu du. TIMentzat, berriz, ihes egiteko aukera da neska.

TIM TERESAren etxean ezkutatuko da, eta haren babespean biziko da. Elkarrekin, hainbat abentura biziko dituzte, eta lagun bereizezinak izango dira.

Denborarekin, TIM eraldatzen hasiko da. Bere mundutik eta bere ingurukoengandik urrun denbora gehiegi daramala ikusiko du. TIM salbatzeko aukera bakarra itzultzen laguntzea izango da. Denborarik galdu gabe! Baina kontuz! VLAD zelatan dago!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide