Marina Balenciaga: 'Euskara irakasteaz gain, euskara eta euskal kultura sustatzeko ekitaldiak ere antolatzen ditut'

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 23a, 10:26
Marina Balenciaga Juaristi, Liverpoolen bizi den azkoitiarra.

Marina Balenciaga 26 urteko azkoitiarra ikus-entzunezko itzulpengintzan aditua da. Gaur egun, Liverpoolen bizi da (Erresuma Batua), eta Liverpooleko Unibertsitateko Basque Studies sailean lan egiten du.

 

Nondik izan zenuen lan eskaintza horren berri?
Atzerrira joateko gogoa nuen, beste herrialde batean esperientzia berriak izateko gogoa. Aukera desberdinei begira hasi nintzen, eta, horretan ari nintzela, Global Training beken berri izan nuen. Beka horietako bat Liverpooleko Unibertsitaterako zen, eta nire profilarekin lotuta zegoen. Aukera paregabea iruditu zitzaidan, nire ikasketekin lotutako zerbaitetan lanean jarraitu ahalko nuelako atzerrian. Beka eskatu nuen, eta, zorionez, hemen nago orain.
 
Zer lan egiten duzu unibertsitatean?
Alde batetik, euskara irakasten dut, eta, bestetik, euskara eta euskal kultura sustatzeko ekitaldiak antolatzen ditut. Esaterako, Erresuma Batuan ohikoa izaten da eskoletatik nerabeak unibertsitatera etortzea bertan eskaintzen diren ikasgaien berri izatera. Horrelako saio bereziak ere prestatzen ditut.

Britainiar ikasle asko al daude euskara eta euskal kulturarekin interesaturik? Zenbat ikasle dituzu?
Ikasle gutxi ditugu, hamar ikasturte honetan. Gutxi dira, baina oso ikasle onak. Egia esan, iritsi nintzenean harrituta geratu nintzen oso euskara maila polita zutelako. Azkar ikasten dute eta interesa dute.
 
Zerk bultzatzen ditu ikasleak euskara eta euskal kultura ikastera?
Batzuek oso hizkuntza desberdina eta interesgarria iruditzen zaielako erabakitzen dute euskara ikastea; beste batzuek, berriz, lotura zuzena dutelako Euskal Herriarekin. Esate baterako, ikasleetako baten gurasoak euskaldunak dira, eta, bera hemen hazitakoa izan arren, Euskal Herrikoa sentitzen da. Beste batek, adibidez, lagunak ditu Gipuzkoan, eta, gainera, urtebete pasatu zuen Soraluzen lanean unibertsitateko programa bati esker.
 
Euskara ikastea zaila dela diote batzuek. Zer diote zure ikasleek? Erraz ikasten al dute?
Erraza denik ez diote, baina ez dira kexatzen euskararen zailtasunengatik. Izan ere, badakite oso hizkuntza desberdina dela eta batzuetan ezin izaten dutela beste hizkuntzen egiturekin zuzenean alderatu. Oso erritmo politean ari dira ikasten, ordea, eta ahalegin handia egiten dute.
 
Euskal kulturaren gainean zer iritzi dute? Gustuko dute? Arraroak egiten zaizkie gure tradizioak?
Gustuko dute euskal kultura. Euskal Herrian bizitzeko dugun modua gogoko dute, kaleko bizimodu hori eta jendearekin elkartzeko ohitura horiek. Euskal Herrian oraindik izan ez direnak horra joateko gogoz daude, eta izan direnak noizean behin beti itzultzen dira bisitan.
 
Erresuma Batuko kulturaren antzik ba al du euskal kulturak? Edo oso desberdinak gara britainiarren aldean?
Ez dakit oro har britainiarren aldean oso desberdinak garen, baina Liverpooleko jendearen aldean ez gara hain desberdinak. Liverpoolek eta Euskal Herriak duten antzekotasun nagusia identitate sentimendua dela esango nuke. Liverpool hiriaren historia, bertako ohiturak eta bertako jendearen izaera direla eta, identitate kontzeptua oso indartsua da hemen; ez da nazionalismoa, baina britainiarren eta ingelesen aldean desberdinak sentitzen dira, oso Liverpoolekoak. Desberdintasun garrantzitsuenetako bat, bestalde, hemen klase sozialen arteko diferentziak oso nabariak direla da. Bizi zaren auzoak, haurrak eramaten dituzun eskolak, babesten duzun futbol taldeak… denak zure klase sozialaren berri emango du. Euskal Herrian, klase sozialen arteko bereizketa horiek ez dira hain nabarmenak.
 
Zer moduzko esperientzia ari da izaten? Erraz egokitu al zara?
Oso esperientzia ona izaten ari naiz, eta erraz egokitu naiz. Egia esan, ez zait ia batere kostatu egokitzea. Agian, eguneroko erritmoa kostatu zait pixka bat. Hau da, hemen beste ordutegi batzuk dauzkate jateko, eta hemengo eguerdia gure arratsaldea bezala da. Guk, nolabait esateko, eguerdian eguna moztu egiten dugu, baina hemen eguerdian inor ez da gelditzen. Gainera, goiz afaltzen dutenez eta ilundu ere dezentez lehenago egiten duenez, eguna askoz lehenago amaitzen dela dirudi, baina ez da hala, jendeak gauza asko egiten baititu afaldu eta gero ere. Erritmo desberdin horrek nahasi ninduen pixka bat hasieran, baina ohitu naiz dagoeneko.
 
Zer egiten duzu denbora librean?
Lagunekin eta lankideekin egiten ditut planak. Bazkaltzeko edo afaltzeko elkartzen gara askotan; izan ere, Liverpoolen mundu osoko janaria eskaintzen duten jatetxeak aurki daitezke, aukera oso zabala dago jateko. Gauean ere irteten gara, giro ederra eta jende asko egoten da-eta beti kalean. Bidaiak ere egiten ditugu inguruko lekuetara; adibidez, aurrekoan Galeseko gaztelu zoragarri batzuk ikustera joan ginen. Eta etxekideekin ere egiten ditut planak; esaterako, lehengoan Gabonetako eguna ospatu genuen etxean, eta hemengo ohiturak ezagutu ahal izan nituen. Bestalde, aurreko asteetan boluntario bezala ibili naiz aniztasun funtzionala dutenen arte jaialdi batean.


 
Noiz arte geratzeko asmoa duzu?
Beka 2017ko apirilera artekoa da, baina, momentua iritsitakoan orain bezalako gustura egonez gero, denbora gehiago geratzen saiatuko naiz.
 
Beste herrialderen batean bizi izan zara aurretik?
Ez, atzerrian epe luze batez bizi naizen lehenengo aldia da. Bartzelonan egin nituen, ordea, unibertsitateko ikasketak.
 
Zein da bisitatu dituzun herrialdeetatik zure gogokoena?
Portugal esango nuke. Hiru aldiz izan naiz han, eta beti oso esperientzia onak izan ditut. Hango paisaiak, jendea eta hizkuntza asko gustatzen zaizkit. Hondartza izugarri politak ditu, eta Lisboa eta Oporto hiriek duten lasaikeria edo utzikeria horrek, hasieran inpresio tristea eman dezakeen arren, liluratu egiten zaitu azkenean.

Erresuma Batukoa amaitu ostean beste herrialde batera bizitzera joateko aukera izanez gero, joango zinateke? Zein herrialdetara joatea gustatuko litzaizuke?
Bai, joango nintzateke aukera izanez gero. Hegoafrikara joan nahiko nuke; Cape Town ezagutzeko gogo handia daukat.
 
Gomendatuko zenuke esperientzia hau?
Bai, guztiz gomendatuko nuke. Horrelako aukerei esker asko ikasten da, eta hizkuntzak hobetzeko eta lanean esperientzia lortzeko aukera paregabeak dira. Horrez gain, ordea, bizitzari buruz asko ikasten da. Herritik irteteak ikuspuntua zabaltzen dizu, eta kultura eta jende desberdina ezagutzeak esperientzia oso onak ematen dizkigu, baita zailak ere, baina horrek denak pertsona bezala hazten laguntzen dizu. Batzuetan gogorra da herritik irtetea, zer aurkituko duzun ez jakiteak eta etxeko eta inguruko jendea denbora baterako uzteak beldurra eman dezakeelako, baina, nahi izanez gero eta gogoa jarriz gero, dena ondo aterako da. Ni ikaragarri pozten naiz hartu nuen erabakiarekin, eta mundu guztiari gomendatuko nioke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide