Ibarmia enpresan izandako istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 14a, 13:35
Argazkia:LAB.

Joan zen astelehenean Ibarmia enpresan istripua izan eta ostiralean hil zen langilearen heriotza salatu du gaur euskal gehiengo sindikalak Adegi Gipuzkoako patronalak Donostian duen egoitzan, Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea lelopean. Gertatutakoa "oso larritzat" jo dute sindikatuek.

 

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek istripua azpikontratei eta prekarietateari leporatu diete, eta, batez ere, Adegi patronalaren portaera eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren jarrera salatu dituzte sindikatuek. 

"Ibarmia enpresak istripuaren aurrean izan zuen jarrera lotsagarria izan zen, istripua ezkutatu nahi zuelako eta langileei inolako informaziorik eman nahi ez zielako. Jarrera hori oso larria da, eta hare larriagoa da kontuan izanda, Ibarmiako zuzendari nagusia Adegiko lehendakari ordea izanda", adierazi du Leire Txakartegi ELAko ordezkariak. Adegik behin eta berriz esan du Ibarmia enpresa eredugarria dela, eta gauza bera esan zuen istripuaren egunean bertan Olanok. Sindikatuek diote, hori ezin dela izan inolako "eredu". Garbiñe Aranburu LABeko ordezkariak esan du langileen osasun baldintzak errespetatzeko gai ez den enpresa bat ez dela "inolaz ere eredugarria", eta uste du instituzioentzat ere ez lukela izan beharko.

Sindikatuek gertatutakoa argitzeko eskatu diete Osalani eta Ikuskaritzari. 

Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusiek adierazpen instituzionala onartu dute Ibarmian hildako langilearen heriotza salatzeko. Honako puntu hauek jaso dituzte Batzar Nagusietako adierazpen instituzionalean:

1. Gipuzkoako Batzar Nagusiek atsekabez hartu dute pertsona baten laneko heriotzaren berria, Azkoitian lanean ari zela ezbeharra izan eta, larri zauriturik, ostiralean hil baitzen erietxean. Batzar Nagusiek elkartasuna helarazi nahi diete langilearen senideei, lankideei eta lagunei. Aldi berean publikoki salatu nahi dute eta bere gaitzespena adierazi, heriotza eragin duen lan-ezbeharra dela eta. 

2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek salatu nahi dute, halaber, istripuak nola edo hala eta edozeren gainetik ekidin beharra dagoela, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan segurtasunak. 

3. Gipuzkoako Batzar Nagusiek berresten dute pertsonak, eta hein batean langileak direla gure herrialdearen garapen sozial eta ekonomikoaren muina. Horregatik jotzen du ezinbestekotzat lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere.

Ildo horretan, enpresetako partaide guztiei, nagusiei eta langileei, dei egiten diete laneko segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete dezatela, laneko arriskuei aurrea hartzeko.  

Lan-istripuak gure sistema ekonomiko-sozialaren egiturazko arazo bilakatu dira. Lan-arriskuen aurkako defentsarik onena prebentzioa eta prestakuntza dira, horien bidez lortzen baitute langileek ongizatea, ezagutza eta segurtasuna.

4. Horregatik guztiagatik, erakunde guztiei berriz ere eskatzen diete lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinazioan, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu ere.

5. Gipuzkoako Batzar Nagusiak, era berean, heriotza-istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko ekimen guztietara atxikitzen dira, eta Gipuzkoako herritarrak animatzen dituzte ekimen horietan parte hartzera.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide