Lide Rekondo azkoitiarrak bigarren saria irabazi du Bizenta Mogel ipuin lehiaketan

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 2a, 10:31
Argazkian, Lide Rekondo idazlea eta Marijose Arregi euskara zinegotzia. Lide Rekondoren hitzetan, urtero hartzen du tarte bat ipuin bat idatzi eta lehiaketara aurkezteko, eta gauza bera egitera animatu zuen jendea.

XXXV. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sari banaketa izan zen atzo arratsaldean udaletxeko areto nagusian. Ekitaldian parte hartu zuten Mikel Sudupe epaimahaikideak, Javier Zubizarreta alkateak, Juan Bautista Mendizabal ipuin lehiaketaren sortzaileetako batek eta Marijose Arregi Euskara zinegotziak. Guztira, 33 lan jaso dituzte, eta horietatik hiru ipuin onenak saritu dituzte; horietako bat izan da Lide Rekondo azkoitiarraren "Inoiz ez da berandu" ipuina.

 

Sarituak

1. saria:

Iraitz Legarra, markinarra, "Iraganaren orbela" ipuinarengatik. 500 euro eta oroigarria jaso ditu.

2. saria:

Lide Rekondo, azkoitiarra. "Inoiz ez da berandu" ipuinarengatik. 330 euro eta oroigarria jaso ditu. 

3. saria:

Gotzon Plaza, gernikarra. "Nicola, lagun zaharra" ipuinarengatik. 200 euro eta oroigarria jaso ditu.

 

Bizenta Mogel literaturaren aitzindari izan zen euskal idazle azkoitiarraren omenez antolatzen du urtero lehiaketa hori Azkoitiko kultur elkarteak, Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Aurten, gainera, sari banaketa ekitaldian, 1999tik 2006ra bitartean, sarituak izan diren ipuinak biltzen dituen liburu berria aurkeztu dute. Bertaratu zirenek alea doan jaso zuten. 

Ekitaldia bukatzeko, Bigoterik gabea antzerki taldeko Karitina Alberdik eta Xabier Barquerok "Iraganaren orbela" lehenengo ipuin saritua irakurri zuten ekitaldian. Amaitzeko, Bizkargi Musika Eskolako Julene Iturbek, Ane Lizarraldek eta Nora Uriak biolinarekin Lau teilatu abestia jo zuten.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide