Vietcong68 taldea: "Gizarte honetako ezjakintasun musikala borrokatzera gatoz"

Maxixatzen.eus 2017ko urt. 10a, 10:14
Vietcong68 taldea.

Lau "rock gerrilarik" osatzen dute Vietcong68 taldea, eta horietako bat da Ekaitz Etxezarreta azkoitiar historialaria. Zakela tabernan joko dute datorren ostiralean, urtarrilaren 13an, 23:00etatik aurrera. Hona hemen Maxixatzenek egindako elkarrizketa:

 

Zeintzuk osatzen duzue taldea?

Tran Van Trà Pepino (Ahotsa): Taldearen sortzailea eta liderra. Berak engainatu gintuen abentura suizida honetan parte hartzeko. Bere ametsa benetako rock talde batean jotzea da.

Nguyen Van Linh Moto (Baxua): Askotariko gauzak egiteko gaitasuna du, baina desastre samarra da. Emakume zailak eta dardo txapelketak gustatzen zaizkio, eta Errioxako elektronika talde bateko abeslaria ere bada.

Lê Duan Karlote (Gitarra): Surfik ez du egiten baina gitarra kategorian jotzen du, taldeari kalitatea ematen dion artista da. Tatuaje eta kamiseta estu zalea.

Eta neu, Ho Chí Minh Ekaitz (Bateria): Taldeko handiena eta zabalena, Pablo Escobar narkoaren jarraitzailea eta taldearen irudi eta arlo historikoaz arduratzen den frikia.

 

Nola izan da taldea osatzeko prozesua? 

Betidanik ezagutzen dugu elkar, denok izan dugu aurretik talderen bat, eta mende honetako lehen hamarkadan askotan elkar ikusten ginen Gipuzkoan maiz antolatzen ziren kontzertuetan. Gure betiko taldeen egunerokotasuneko funtzionamendutik eta publikoarekiko duten presio edota leialtasun horretatik alde egiteko nahiak sortu zuen taldea. Gainera, elkarrekin jotzeko gogoa genuen, eta une ona zela iruditu zitzaigun.

2014 bukaeran hasi ginen entseguetan, Gipuzkoako hainbat lokaletan, eta 2015 hasieran finkotu zen taldea. 

 

Taldeari Vietcong68 izena jarri diozue. Arrazoi berezi batengatik?

Historiaren friki batzuk gara. Inperialismoaren kontrako borrokak erakargarriak eta gurtu beharrekoak iruditzen zaizkigu. XX. mendeko borroka horien adibide nagusiena da Vietnamekoa. Gizarte honetako ezjakintasun musikala borrokatzera gatozen lau rock gerrilari gara [barrez]. Zer da ba rocka gaur egun? Erresistentzia erritu bat.

 

Como debe ser! estraineko diskoa atera berri atera duzue; zer nolako musika mota eskaintzen duzue?

Punk rockaren eremu zabalean ezarri genezake gure musika: Hardcore klasikoa, post punk, rythm and blues edota hard rock estiloak entzun daitezke gure doinuetan. Iturri askotatik edaten dugu guztiok. Letrak, oro har, maitasunaz, gorrotoaz eta zorokerietaz dihardute, eta distortsio eta erritmo biziek laguntzen dituzte. Hala ere, onena diskoa entzutea edota kontzertu bat ikustera joatea izango litzateke bakoitzak bere ondorioak atera ditzan. 

 

Non izango dugu eskuragai zuen diskoa? Eta zergatik atera duzue biniloan?

Madrileko Tough Ain´t Enough records zigiluak argitaratu du diskoa, eta lehenengo argitaraldia 250 aletakoa izan da. Diskoetxearen bitartez edo Donostiako Skizo dendan eskuratu daiteke. Hala ere, kontzertuetan geuk ere izango ditugu kopiak salgai, 12 eurotan. Bestalde, gure Bandcampean, Youtuben eta Spotify moduko plataforma digitaletan ere eskuragarri daude abesti guztiak.

Egiazko eta benetako musika erosleak eta zaleak biniloa kontsumitzen du, eta gu euskarri horrekin oso eroso sentitu izan gara betidanik. Biniloaren soinu kalitatea eta tamaina dira erakargarritasun nagusienak. Madrileko zigiluaren babesak diskoa euskarri horretan ateratzeko aukera eman digu, eta oso harro eta oso gustura gaude emaitzarekin.

 

Zein estudiotan grabatu duzue? Zergatik leku horretan?

2015eko gabonetan grabatu genituen zortzi kantuak Aretxabaletako Nekrosounds estudioan. Lê Duan Karlote gure gitarra jotzailearen grabaketa estudioa da, eta sortze, ekoizpen eta grabaketa lan guztia gure kontura egitea erabaki genuen.

 

Zer da gehien kostatzen zaizuena?

Dudarik gabe taldearen barneko funtzionamendu eta azpiegiturari dagokion guztia: Ikus-entzunezko komunikazioa, kontzertuko antolatzaileekin harremana kudeatzea, diskoaren banaketa, sare sozialen kudeaketa…hori guztia ondo antolatzea lan nekeza da. Talde profesionalek managerrak, agenteak eta produktoreak izaten dituzte, guk, ordea, ez.

 

Zein hizkuntzatan abesten duzue? Zergaitik?

Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez abesten dugu, baina gaztelerak du hegemonia momentu honetan. Hala ere, ez dugu aterik ixten, eta ez dakigu etorkizunean zer pasatu litekeen. Guztiaren atzean marketing estrategia komertziala dago, aberatsak egitea da gure helburua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide