"Laja, trikitixaren zubia" liburua aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 28a, 10:56
Joxemari Iriondok idatzi du IƱaki Garmendia "Laja"-ren biografia liburua. Argazkiak: Azkoitiko Udala.

Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak Soinuaren Liburutegia bildumaren 12. alea aurkeztu du: Laja, trikitixaren zubia izenburupean. Iñaki Garmendia Laja-ren biografia da liburua, eta Joxemari Iriondok idatzi du. Elkarteak, aurrez, beste lau trikitilari azkoitiarren biografiak ere kaleratu zituen: Zendoia-rena, Landakanda-rena, Maltzeta-rena eta Epelde-rena.

 

"Ahoa betetzen zaigu –esan du Javier Zubizarreta alkateak- euskal kulturaz hitz egiterakoan eta zuen altxor hau da gure kulturaren, gure tradizioaren, sostengu. Egiten den hori ondo egitea, gustura egitea eta eskuzabaltasunez egitea bezalakorik ez dago. Eta Laja sekula ez du alferkeriak jo, soinua jotzerako orduan. Beraz, zorionik beroenak Txikitixa Elkarteari ondare hau gordetzen laguntzeagatik eta gure Lajari herri hau haundiago egiteagatik". Hamaika erromeriatan ibili arren, San Andres Egunean, aurten ibiliko da kalejiran soinua jotzen lehendabiziko aldiz.

Udaletxeko batzar aretoa jendez gainezka egon zen atzo eguerdiko aurkezpen ekitaldian. Lajak mahaikide izan zituen Zubizarreta alkatea, Joxemari Iriondo idazlea eta trikitilari elkarteko lehendakari Agurtzane Elustondo. Familia eta lagunak ere ondoan izan ziituen, horietako asko soinua eta panderoa eskuetan hartuta.

Joxemari Iriondok azaldu zuen "artista lur handia" dela Azkoitia, eta beretzat "ohore handia" izan dela liburua idaztea, Lajak hasieratik esan zuelako bere biografiaren egilea Iriondo izatea nahi zuela. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide