Kimu Bat saritu dute Urolako merkataritza bulegoek eta Gipuzkoako Bazkundeak

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 26a, 12:05
"10 bitxiak" saria jaso zuen ostiral gauean Kimu Bat enpresak.

Azpeitian kokatutako paisajismo enpresak "10 bitxiak" saria jaso zuen bart gauean, beste bederatzi erakunderekin batera -eskualde bakoitzeko bana-, "balio azpimarragarriak eta prestigioa" transmititzeagatik nabarmentzen direlako.

 

Kimu Bat saritua izan zen, Gipuzkoako beste hamar enpresarekin batera, XXIV. Gipuzkoako Merkataritza Enpresaren sari-banaketan, bart gauean, azaroak 25, Gipuzkoako Bazkundean.

Paisajismo eta lorezaintza sektorean diharduen Kimu Bat enpresak 25 urte baino gehiago daramatza ingurumenaren alde lanean eta, egun, lan-sozietate gisa antolatuta, herrigintzaren alde elkarlanean dabiltzan 20 pertsona baino gehiagoko lan-taldea osatu du.

25. urteurrenaren harira, berritasun garrantzitsuak barneratu ditu Kimu Batek bere instalazioetan. Lorezaintza-zentro berriaz gain, ingurumen eta bioaniztasun gaiak lantzeko espazio didaktikoak sortu dituzte.

Ingurumenarekiko duten arduraren adibide da Kimu Baten bertan eratu dituzten fitoarazketarako putzu mota ezberdinak, hezegune naturalen eredua jarraituz enpresak sortzen dituen hondakin-urak garbitzeko balio dutenak. Bestetik, euri urak biltzeko fitoarazketan oinarrituriko ur putzu naturalizatu bat ere sortu dute. Horrela, Kimu Bateko ziklo hidrikoa ixten dute, 0 hondakin sortzea lortuz eta bertako ureztaketa-beharrak asez. Halaber, putzuen ondoan, ur-ponpaketako sistema babesteko estalpe landareduna eraiki dute. Etxolatxo hori Fraisoroko, Kabiako eta Ari arkitekturako lagunekin elkarlanean sortu dute, bioeraikuntzako jakintza ezberdinak hedatzeko antolatutako hainbat ikastaro eta auzolanetan. Paisaiarekin eta naturarekin harreman iraunkorragoa lantzeko xedea du ekimen horrek.

Paisajismoaren eta baratzegintzaren sektorean duen eskarmentu handia konpromiso sozialeko kutsua duten hainbat proiekturen zerbitzura jarri nahi izan du Kimu Batek. Horrez gain,Kutxa Ekogunearen babesarekin, Gipuzkoako baratze-parke guztietara iristen da Furgobaratza, baratzezaintza ekologikoaren inguruko prestakuntza eskaintzeko eta hazi eta landare anitz banatzeko.

Bukatzeko, Markel Olano ahaldun nagusiaren presentziarekin burututako ekitaldian, 2016ko Gipuzkoako Merkataritza Enpresaren Saria eskuratu zuen Croqueta y Presumida-k.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide