Toki komunikabideen erronkak aztergai datorren astelehenean, TOKIKOM Jardunaldietan

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 7a, 12:28
TOKIKOM Jardunaldien lehen edizioa 2012an egin zuen, eta onarpen zabala izan zuen euskal hedabideen artean.

Bost urte beteko dira laster TOKIKOM, toki komunikabideen bateragunea, sortu zela 21 herri komunikabiderekin, komunikabide txikien panorama sendotzeko asmoz. Gainera, 25 urte ere badira, Arrasaten toki komunikabideon etorkizuna marrazteko ARKO Jardunaldiak egin zirela. Maxixatzen duela ia bi urte batu zen talde horretara. 

 

Bi urteurren horiek ospatzeko, TOKIKOM Jardunaldiak antolatu ditugu toki komunikabideok. Arrasaten elkartuko gara datorren astelehenean, edukietan, marketinean zein teknologian ditugun erronkei buruz jardungo dugu, komunikazioaren munduko punta-puntako profesional eta enpresen eskutik.

Gainera, tokian tokiko komunikabideok euskararen transmisio katean betetzen dugun papera ere aztertuko dugu, eta, lehen aldiz, TOKIKOM Sariak ere banatuko ditugu, komunikabide txikiotan urtean egindako portadarik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenak sarituz. Toki komunikabideotan lan handia egiten den arren, sarritan tokiko publikoak baino ez du ikusten, eta sari horien helburua egindako lan bikain horiek publiko zabalari ezagutaraztea da.

Jardunaldiok datorren astelehenean izango dira, azaroaren 14an, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Informazio gehiago eta izen ematea, webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide