25 urte, txistuari lotuta

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 20a, 12:02
Argazkian: Pello LarraƱaga, Aritz Aranbarri eta Xabier Martin. / Argazkia: Urola Kostako Hitza.

Txalkor txistulari taldeak 25 urte bete ditu. Pello Larrañagak txistua jotzen irakasten du, eta taldeko kide izatera igarotzen dira gero ikasleak. Larunbatero irteten dira kalera, herriko jendea doinuz alaitzera. Eta halaxe segitzeko asmoa dute. Hona hemen Urola Kostako Hitzak txistulariei egindako elkarrizketa:

 

Pello Larrañagak 51 urte ditu. Aritz Aranbarrik, berriz, 41. Eta Xabier Martinek 21. Adin ezberdinetakoak izan arren, "kuadrillakoak bezalaxe" direla diote. Hirurak dira azkoitiarrak, eta hirurek dute afizio bera: txistua jotzea. Gustuz aritzen dira. Kantu bat aurrena, eta gero bestea. Eta, gustuko lekuan, azkar pasatzen da denbora. Txalkor txistulari taldeko kide dira, eta 25 urte bete berri ditu elkarteak. Mende laurdena daramate doinu artean, alai. "Nola pasatzen den denbora!", dio Larrañagak, barrez.

Bera da Azkoitiko txistulari elkartearen sortzailea. 9 urterekin hasi zen txistua ikasten, eta 11 urterekin dantzari txikiekin jotzen zuen. Eta, duela 30 bat urte, guraso batek hala eskatuta, Azkoitiko Ikastola Xabier Muniben hasi zen txistua irakasten, eskolaz kanpoko orduetan. "Dantzari txikiak bazeudela eta, halaxe hasi nintzen irakasten".

Eta gauza batek bestea ekartzen du. Pixkanaka, neska-mutil talde bat elkartu eta entseatzen hasi ziren, kalejira batzuk egiten… Eta 1991ko Andremari jaietan, Txalkor sortu zen. “Gure aurreko txistulariek bazuten adin bat, eta lagatzera zihoazen. Orduan, naturalki guri tokatzen zitzaigun lekukoa hartzea”. Izena ere, haien omenez aukeratu zuten. "Pentsatu genuen: Horiek ez dute beren izenean kalerik-edo izango, eta txistulari taldeari Antonio Arenas Txalkoren izena jarri genion, aurreko taldetik harreman gehiena berarekin izan genuelako". Orain, haren semea, Anjel Mari Arenas, Txalkorren aritzen da danborra jotzen.

Aurreko txistulariek jaiero-jaiero kalejira egiten zuten, herriko kaleetan barrena. Eta Txalkor taldeak haien ohiturari jarraitu dio. “Oraindik mantentzen dugu tradizio hori, baina, orain, zapatu goizetan irteten gara, 10:00etan”. Lehenengo kalejira egiten dute, eta gero entsegua, Baztartxon. Igandeetan ere irteten dira, baina oso tarteka, gazteek ez dutelako nahi. "Azkenean bizitza aldatzen ari da, eta guk ere moldatu egin behar izan dugu", adierazi du Larrañagak. Bi helduenek diote, lehen ere egiten zutela parranda, baina hori ez zela etxean gelditzeko aitzakia izaten. “Guk lehen juerga egiten genuen, eta gaupasa eginda joaten ginen txistua jotzera!”, gogoratu dute umorez.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide