Eneritz Egizabal eta Ane Arrizabalaga: "Saharara iritsi da azkoitiarrek emandako material guztia, eta etxez etxe banatu dugu"

Maxixatzen.eus 2016ko urr. 14a, 09:00
Argazkian, Eneritz Egizabal eta Ane Arrizabalaga Saharan.

Errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren sahararrei laguntzera joan dira Eneritz Egizabal eta Ane Arrizabalaga, bi gazte azkoitiar. Ereiten proiektuaren bitartez, EHUko 43 ikasle joan dira Saharara, tartean, bi azkoitiarrak. Abuztu amaieran joan ziren, uholdeek utzitako kalteak ahal den neurrian konpontzera eta hango familien, eta, bereziki, haurren irribarreak ereitera.

 

Argazkian, Ereiten proiektuan parte hartu duten gazteak.

 

Orain, herritarrei eskerrak emateko eta aurrera begirako asmoak azaltzeko, honako gutun hau idatzi dute azkoitiarrek:

 

"Orain dela hilabete batzuk, zuen laguntza eske etorri ginen, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren sahararrei lagundu ahal izateko. Gaurkoan, herritarrei eskerrak ematera gatoz, joan aurretik lortu genuen laguntza ezinbestekoa izan baita guk han egin dugun lana burutu ahal izateko. Gu joatea gutxienekoa izan da, zuen partetik lortutako laguntzarik izan ez bagenu, ezin izango baikenuen egin dugun aurrerapen apur hori ere gauzatu.

Eskerrak batik bat, herriko hiru ikastetxeei, material bilketan lagundu zenutenei, eliz atarira zozketan parte hartzeko asmoz hurbildu zineten guztioi, eta zeuen kabuz dirua eman diguzuenoi eman nahi dizkizuegu. Jakinarazi nahi dizuegu, gure lana ez dela aurtengo bidaiarekin amaitu. Aurrera jarraituko dugu, EREITEN proiektua, elkarte bihurtzeko lanetan ari gara, eta datorren urtera begira, berriro ere kanpamenduetara hurbiltzeko proiektuarekin  martxan hasi gara.

Honez gain, lortutako laguntzarekin egin duguna apur bat azaltzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Material bilketa, Azkoitin bezala, Bizkaiko eta Arabako beste hainbat herrietan ere egin da. Hasteko, eskolako materiala bi kanpamentu desberdinetako eskoletan utzi genuen, eskola bat arrunta zen, eta bestea berriz, espezifikoa. Lortutako diru laguntzarekin berriz, etxeak berreraikitzeko materiala erosi genuen, urriko uholdeek utzitako hondamendiak konpontzeko asmoz, eta berreraikitze lanetan gidatu gintuzten laguntzaileei ere ordaindu genien. Honela, etxeak geuk berreraikitzeko aukera izan genuen. Diruaren beste zatiarekin, bertako beste familia batzuei eman genien, euren oinarrizko beharrak bete ahal izateko. Egin dugun denbora motz geratu baitzitzaigun, lagundu nahi genien guztiei lagundu ahal izateko. Osasun arloko materiala, geure kanpamenduko, Bojador kanpamenduko osasun etxean utzi genuen, eta azkenik, lortutako umeen arropa etxez etxe banatu genuen. Hau da, geu joan ginen etxez etxe, zein adinetako umeak zeuden ikusi eta arropa eskura ematera, umeak txikiak baziren, arropaz gain biberoia eta elikatzeko papilak ere eskaintzen genituen.

Gure egunerokotasuna beraz, goizean material banaketa hori egitea eta etxeak berreraikitzea izan zen, eta arratsaldean, berriz, umeen aisialdian zentratzen ginen, proiektuaren zati handi bat horri zuzenduta baitzegoen. Hainbat txoko desberdin eraikitzen genituen, horrela, arlo ezberdinetako ekintzak sustatuz, euren artean, eskulanak, aurpegi pintaketak, paiasoak, jolasak eta futbol txapelketak egiten genituen.

Hori guztia azaldu ondoren, esan nahi duguna da zuek emandako guztia bertara iritsi dela, eskuz eman dugula, eta orain eskerrak ematen ari garenak gu garen arren, benetan eskertzen dutenak beraiek direla. Beraz, besterik gabe, eskerrak berriro ere Azkoitiko herritarrei, zuen babesik gabe ezinezkoa izango baitzen aurten egindako lana betetzea, eta oraindik eta gutxiago proiektu honek indar honekin aurrera jarraitzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide