Astelehenean irekiko dute Azkoitiko Hizkuntza Eskola

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 22a, 10:07

1985etik 2015era, 30 urtez Azkoitiko Musika Eskola izan den eraikinak datorren astelehenean, hilaren 26an, irekiko ditu berriro ateak, Hizkuntza Eskolaren gela desplazatuekin. Guztira 84 ikasle onartu dituzte, eta hainbat ikasle plazarik gabe gelditu dira. Oraingoz, ingelesezko eskolak eskainiko dira, hiru mailatan: B 1.1, B 1.2 eta B2. Hala ere, aurrerantzean jasotako ikasleen eskaeren arabera, proiektua sendotzea dute helburu, ordutegia zabalduz eta hizkuntza aukera handituz. Gainera, herrian Hizkuntza Eskolako azterketa ofizialak egiteko aukera izango dute bertako ikasle direnek eta ez direnek.

Javier Zubizarreta alkatea pozik agertu da programan agindutakoa betetzea lortu dutelako: "Oso pozik gaude. Taldelan ona eginda eta dena emanda, lortu dugu azkenean agindutako proiektu hau martxan jartzea. Gipuzkoako herri bakarra da, gela desplazatuen bitartez, gisa horretako eskaintza izango duena. Bailara osoarentzat lorpen berezia da, eta oso erantzun ona izan du. Martxan jartzea izaten da zailena, eta hori lortu dugu. Orain ikusiko da nolako harrera izaten duen".

Nekane Larrañaga zinegotziak hasiera bat besterik ez dela azaldu du: "Hizkuntza eskolak bere adar bat izango du Azkoitian, eta herritarren eskaera bati erantzungo dio, beste herrietara joan beharrean ingelesa ikastera. Eskaerak daude beste hizkuntza batzuk eskaintzeko eta ordutegia zabaltzeko. Horregatik, gure helburua da eskaera horiek jaso eta aurrera begira proiektua hedatzen joatea".

Oraingoz beheko solairua berritu dute, lau gela egokituz: multimedia gela autoikaskuntzarako, mintza praktikarako gela (bi astetik behin irakasle natibo bat etorriko da), harrera gela eta ikasgela bat.

Guztira 84 ikasleri emango diote zerbitzua, eta 28 ikaslez osatutako hiru gelatan banatu dituzte. Eskolak 16:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango dira, astelehenetik ostegunera nahasian.

Proiektuak 110.000 euroko aurrekontua izan du, eta honako egokitzapen hauek egin behar izan dituzte: akustikoa egokitu entzumenezko ariketak egin ahal izateko, lurra berritu, hormak margotu, leihoak berritu, eserlekuak berritu, instalazio elektrikoak berritu, gelak garbitu, material berria jarri (ordenagailuak, arbel digitala...) eta eraikinaren kanpoko zelaiak eta eserlekuak txukundu. 

Azkenik, Zubizarretak gogoan izan du Kaiet Azkue, duela hilabete batzuk zendu zen azkoitiar gaztea, hark proposatu zuelako proiektua.

Gaur goizean, hilak 22, prentsaurrekoan izan dira Javier Zubizarreta alkatea; Nekane Larrañaga, Miguel Angel Bastida eta Mari Jose Arregi zinegotziak eta Joseba Peña Hizkuntza Eskolako harrerako arduraduna.

Hona hemen Hizkuntza Eskolaren instalazioak iruditan:

 

 

 

 

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide