Andramaixek 2016

Herriko hainbat elkartek aurkeztu dute andramaixetako egitaraua

Maxixatzen.eus 2016ko abu. 9a, 13:16
Argazkian, herriko hainbat taldetako ordezkariak.

Herriko hamabi kultur elkartek eta Udalak andramaixek giro "baketsu, alai eta parte hartzailean" bizitzeko deia luzatu dute gaur goizeko agerraldian. Honako talde hauetako ordezkariak bildu dira gaur goizean: Txalkor txistulari taldekoa, Sahatsa dantza taldekoa, Azkoitiko Musika Bandakoa, Xeye kirol elkartekoa, elizako abesbatzakoa, Iraurgi abesbatzakoa, jubilatuen elkartekoa, kultur elkartekoa, Txirrindulari elkartekoa, Anaitasuna futbol taldekoa, arroza prestatzen duen elkartekoa eta Zubi Berri gimnastika taldekoa.

 

Zapatu honetan emango deiete azkoitiarrek festei hasiera. Abuztuaren 14an, igandean, VII. Jokin Ormaetxea jubenil mailako txirrindulari lasterketa izango da, 10:00etan. Jarraian, "Laja" eta "Landakanda" igoko dira udaletxeko balkoira, eta trikitixa mundua maite duten guztiei irekiko zaizkie udaletxeko ateak.

Astelehenean, hilak 15, erraldoien eta buruhandien kalejira egingo da 11:30ean; baita herriko musika bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua ere, Kontzejupean, 13:00etan. Lau ordu beranduago, Irribarria-Merino II.a eta Altuna III.a-Zabaleta pilotarien arteko partida izango da, Gurea pilotalekuan.

Asteartean, hilak 16, zezen karretoiaren kalejira egingo dute, 16:00etan, eta gazteentzako jolas dinamikoak prestatuko dituzte, 17:00etan.

Gazteentzako ezezik, herriko jubilatuei ere egingo zaie gorazarre. Hala, aurten 90 urte egiten dituzten herritarrak zorionduko dituzte jubilatuen anai-arreben arteko bazkarian.

Ostegunean, hilak 18, ohiko bazkari herrikoia egingo dute, herriko plazan, eta gauean karaoke festa egongo da. Ostiralean, berriz, idi dema probaren unea izango da.

Azkoitiko Udalak "eskerrak eman" nahi dizkie festen antolaketan parte hartu duten guztiei eta, bide batez, "bat egiten du lo dauden bizilagunak errespetatzeko deiarekin, eraso sexisten aurkako kanpainarekin eta baita alkoholaren gehiegikeriak gaitzesten dituen kanpainarekin".

Loturan, Andramaixetako egitarau osoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide