Andramaixek 2016

Igon "Axen" Etxaniz: "Andramaixetan eszena berri bat ikusten dugu egunero barraren beste aldean"

Maxixatzen.eus 2016ko abu. 9a, 11:30
Argazkian, Igon "Axen" Etxaniz Olaberri tabernan.

Igon "Axen" Etxaniz (Azkoitia, 1954) Axkoittiko Tabernaixen elkarteko ordezkaria eta tabernaria da. Andramaixetan hainbat urtez uztartu behar izan ditu lana eta parranda, eta Maxixatzeni azaldu dio berak nola bizi ohi dituen festak.

 

Zein musika jarriko duzue andramaixetan?

Askotariko musika jartzen saiatzen gara, ni neu lehengo rock-aren zale amorratua naizen arren.  

Segabathor (Ama nahi dezunian…) kanta, adibidez, beti jartzen dugu. Horrez gain, jendeari asko gustatzen zaizkio pasodobleak, eta eguerdian askotan jartzen ditut. Gauean ez, noski, bestela jendeak alde egingo lidake.

Zer nahiago andramaixetan, eguneko ala gaueko giroa?

Nik egunekoa nahiago. San Roke eguneko goiza, esaterako, asko gustatzen zait. Gauean juergan ibiltzea ere gustatzen zait. Ni oso "bailongoa" naiz.

Noiz arte egoten da taberna irekita?

11:30etik goizaldeko 06:00ak arte, 15ean eta 17an ezik. Egun horietan jendeak atseden hartzen du eta.

Zenbat zerbitzari egoten zarete lanean?

Goizean lau eta sukaldean bat. Gauean, berriz, hiru edo lau.

Diru asko ateratzen al da andramaixetan?

Dirua nahiko engainagarria izaten da: genero mordoa aurrez ekartzen da, eta ordaindu gero. Dirua irabazi egiten da noski, baina ez jendeak pentsatzen duen adina. Oporretara astebete joateko lain ateratzen dugu, baina gero berriz lanera itzuli behar izaten dugu.

Jende asko ibiltzen al da?

Guk nahi baino gutxiago. Abuztu erdian leku askotan izaten dira festak (Deban, Ondarrun, Zarautzen…), eta jendea banatu egiten da. Gainera orain familietan geroz eta diru gutxiago daukagu, eta hori antzeman egiten da. Hala ere, ez gaude kexatzeko moduan.

Zein edari da jendeak gehien eskatzen duena?

Zerbeza eta konbinatuak. Txupitoak ere asko eskatzen dituzte.

Zein izaten dira andramaixetako egunik onenak?

Dudarik gabe 14a, 16a eta 18a. Gazteak parranda egin eta hurrengo egunean deskantsatu egin behar izaten du.

Barraren barrutik andramaixek nola ikusten dira?

Barran sartzea antzerkira joatea bezala izaten da. Zerbitzariok andramaixetan eszena edo ikuskizun berri bat ikusten dugu egunero barraren beste aldean. Aktoreak barraren aurrean daudenak dira, eta gu, publikoa. Orokorrean jende ona dago, eta festak giro baketsuan pasatzen ditugu tabernan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide