Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute datuak online trukatzeko

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 29a, 09:44

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzeko. Herritarrek izapideak eta administrazio prozedurak errazago egitea da akordio horren helburua.

 

Administrazioen sistemen artean informazioa trukatzearen asmoa herritarrak erakunde batetik bestera ez ibilaraztea da, batek jaulkitako agiriak bestean aurkeztu behar dituztelako edo erakunde bat baino gehiagoren aurrean eskaerak nahiz idatziak izapidetu behar dituztelako.

Administrazioentzat kostuak aurreztea suposatzen du eta informazioaren kalitatea hobetzea.

Erabiliko den Elkarreragingarritasun Sistemari esker, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez datu-transmisio elektronikoak erabiliko dira, partekatutako informazioaren benetakotasun, osotasun, isilekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak bermatuta.

Horrela, estuagoa izango da Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko lankidetza, bi erakundeen artean informazio trukerako sistema eratuko baita; ondorioz, herritarrei datu-ziurtapenak eskatu beharrik izan gabe egingo dira izapide administratiboak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide