1766ko Azkoitiko eta Azpeitiko matxinada gogoratuko dute urte osoan

Maxixatzen.eus 2016ko api. 14a, 17:19
Argazkian, ezkerretik eskuinera: Josu Labaka, Izaro Zinkunegi eta Aitor Arruti. // Argazkia: Azpeitiko Kultur Mahaia.

Gaurko egunez, duela 250 urte indartu zen Azpeitian eta egun bat lehenago Azkoitian piztutako gariaren matxinada. Urteurren borobila aitzakia hartuta, elkarlanean, Maxixatzen Euskara Elkarteak, Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak historia ezagutarazteko eta gertatutakoa oroitzeko hainbat ekimen antolatu dituzte datozen hilabeteetan garatzeko.

 

Prentsaurrekoari hasiera emateko, Azpeitiko Kultur Mahaiko ordezkariak Jose Luis Otamendik 2014ko ekainean "Larunbat goiza zen" iritzi artikuluan idatzitako hitzak gogorarazi ditu: "Dakienak ez du aitzakiarik zurigarri iruditzen ez zaizkion jokabideak eta hautuak zuritzeko. Eta zor historikoak ere kitatzeko daude, ez dago okasio txarrik horretan hasteko. Hala ere, data borobilen xarmak limurtzen duenak abagune aproposa izango du bi urte barru 1766ko apirileko matxinoen memoria berreskuratzeko…". 

Data hori aitzakiatzat hartu dute bi herrien historia ezagutzeko eta transmisioa lantzen jarraitzeko. Azkoitian abiatutako matxinadaren lekukoa hartu zuen, gaurko egunez, duela bi mende t’erdi, Azpeitiak. Modu horretan, herriaren historia ezagutzea eta ezagutaraztea funtsezkoa ikusten dute antolatzaileek egitarau honen baitan. Horregatik, "aurrera begira, baina iragana ezagutuz, lan egitea dugu xede", azaldu du Azpeitiko Kultur Mahaiko ordezkariak. "1766ko apirilak gertaera gogoangarri bezain gogorrak gorde ditu. Gariaren eta artoaren prezioen igoera eta herri xehearen gosea izan ziren, besteak beste, jaunen aurkako herritarren altxamenduaren pizgarri. Oso lausotuta iritsi da gure herriaren historiaren aletxo hau gaurdaino, iritsi bada bederen", gaineatu du.


Horrenbestez, honako egitaraua antolatu dute hiru erakundeek elkarlanean: hasteko, datorren asteartean, apirilak 19, Sanagustin Kulturgunean erakusketa jarriko dute. Maiatzean, berriz, Azkoitiko Torrezurin egongo da. 
Bigarren hitzordua, maiatza eta ekainean Azkoitian eta Azpeitian egingo den hitzaldi zikloa izango da. Gaian adituak diren bost hizlarik eskainitako sei saiok osatuko dute, maiatzaren 10ean hasi eta ekainaren 15a bitartean. Hitzaldi guztiak, asteazkenean 19:00etan izango dira, lehenengoa salbu, hori asteartean izango baita:


Maiatzak
10, Azkoitia: Iñigo Aranbarri→ “ 1766ko matxinada, kultura eta umorea”


Maiatzak
18, Azkoitia: Juantxo Madariaga→ "Euskal Herriko XVII. eta XVIII.
mendeetako matxinadak. Ikuspegi soziala"


Maiatzak
25, Azpeitia: Joseba Zuazo→ "Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako
matxinadak. Ikuspegi ekonomikoa"


Ekainak
1, Azkoitia: Oihane Oliveri→ “Emakumeen rolak antzinaroan”


Ekainak
8, Azpeitia: David Zapirain→ “Matxinadaren osteko kontrol soziala”


Ekainak
15, Azpeitia: Iñigo Aranbarri→ “ 1766ko matxinada, kultura eta umorea” Halaber , garai hartako eraikin historikoen ibilbidea osatzeko asmoa ere badugu, historia lekukotuz, eskuorri batekin lagunduta.


Horrekin batera, herriko haur eta gaztetxoekin 1766ko matxinada modu entretenigarrian eta ludikoan lantzea ere aurreikusten dute, udako udaleku irekietan.

Eta azkenik, Imanol Eliasek idatzitako obra batetik abiatuta, datorren apirilean herriko taldeekin ekitaldi herrikoi bat antolatzen ari dira.

Bestalde, Azpeitiko Gaztetxeko lagunek bideo hau ere igo dute Youtubera, gertatu zenari buruzko kronika antzeztua:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide