Sumisiotik serbilismora, espainiar bandera Azkoitian

Pablo Domínguez eta Asier Altuna 2016ko urt. 29a, 09:53

Ez da horrenbeste urte pasa "Odio los partidos-odio las banderas" abesten zuen taldea  Azkoitira kontzertuetara etortzen zenetik. Tartean gutarikoren batzuk han izango ginen, saltoka eta elkarri bultzaka. Halako batean, norbait igoko zen eszenatokira eta bandera bat eskuan hartuz, normalean espainola, gasolina txorrotada bat bota eta su emango zion. Ikurrinak eta bestelakoak ere erretzen ziren talde horren kontzertuetan noizbehinka, baina hango musikaren indarrak bilduko gintuen ikuspegi ezberdinetako gazteak (pentsa, Azkoitian bertan, gurutze santuaren suaren txinpartek kontzertu haietako berezko iluntasuna argitzera ere iritsi ziren).

 

Garai hartan Udaletxeko balkoia hutsik edo ikurrin soilez apaindurik egoten zen; tarteka, eta asko jota, herrikoak lagunduko zion, sinbologia agerpen minimalista herriko aniztasunaren erakusle gisa. Horixe baitzen (eta da) Azkoitia zerbait izatekotan: anitza; edozein sinbolo erretzeko gai den pertsonetatik hasi eta zientoka ikurrinez bazter guztiak beteko lituzkeen jendarteraino. Hala ere, sentsibilitate guztien sinboloak jartzearen hautua egin beharrean, garaiko arduradunek gehiengo zabalaren ikuspegia nolabait islatzen zuen gutxieneko banderak zintzilikatzekoa egin zutela dirudi (asko pentsatu beharrik ez zuten izango, garai hartako aberri egunetan Azkoitiko balkoien zuri, gorri eta berdeko itxura ikusita bederen).

Azkoitian nahikoa urruti bizi izaten genituen Bilboko festetan, bandera zela eta ez zela, izaten ziren liskar gogorrak. Donostiako salbeetan gertatzen zirenak ere ez ziren oso gertu izango herrikide askorentzat. Kontu horiek gure herri txiki honetako arazo izango ez balira bezala bizi genituen, Azkoitian ez baitzen espainiar bandera zintzilikatzea inposatzen, eta beraz, 1975etik aurrera ez zen inondik agertu gerra zibila irabazi zutenen sinbolo nagusia .

Urteak pasatu ziren eta pasatu dira, orain bestelakoak ditugu kontuak, nahiz eta Azkoitiak anitza izaten jarraitzen duen. Gaur da eguna Udalean zintzilikatu beharreko banderen gutxienekoa Espainiako erreinutik legez ezarria, inposatua eta aginduta datorkiguna. Konstituzio aurreko lege-oinarri bat probestuz, Madrilen erabaki dute Estatuko udal guztien aurrealdean zintzilikatu behar dela beraien ikur nagusia, herritarren borondatea dena delakoa izanda ere.

Gauzak horrela, azken urteotan Hego Euskal Herriko udalerri gehienetan hautu bat egin beharrean aurkitu dira: sinboloen legeari egoki erantzun baina ordezkatzen duten herritarren gehiengoaren borondateari bizkar eman gabe. Kontaezinak dira aurrera eraman diren ekimenak, inhabilitazioak eta zigor gogorrak jasotzeko arriskupean kasu gehienetan. Den-denak saiatu dira era batera edo bestera inposizioari izkin egiten; legearen eta sententzien irakurketa irudimentsuak baliatu dituzte horretarako eta betetze epeak ahalik eta gehien luzatu dituzte azkeneko instantzietaraino eramanez afera bakoitza.

Azkoitian aurreko legegintzaldiko udal gobernuari tokatu zitzaion bandera espainiarra Udaletxearen aurrealdean zintzilikatzea eta beste herri batzuk egin izan duten bezala, bandera txiki bat jartzea erabaki zuten. Goi aldean, izkina batean, bistan baina erdi ezkutuan jarri ere. Bestalde, ikurrina eta herriko bandera plazan jarri zituen Nafarroako ikurrinarekin batera. Beste udal taldeen iradokizunak eskatu ostean eta batzordeetan informatu ondoren, banderatxo inposatu hura zintzilikatu zuten azkenean, baina nabarmena izan zen, ulertu nahi izan zuenarentzat, udal gobernuak eman nahi izan zuen mezua: bandera horrek ez gaitu ordezkatzen.

Ulertu nahi izan ez zutenen artean Azkoitiko EAJ egon zen. Garai hartako bozeramaile eta buruaren ahotik atera ziren kritikarik zitalenak (kalean beti ere, Udalean ez baitzuen ezer proposatu), Estatuarekiko sumisioz jokatzearen akusazio mingarria tarteko. EAJren kritikak ulergarriak lirateke bere burua abertzaletzat duen aldetik, ez horrenbeste aldiz, azken 40 urtetan Estatuaren morroi huts gisa agertu eta jokatu izan duen alderdi baten ahotik.

Bestalde, espainiar epaileek ez zuten ikusi, antza, Udalaren erabakian “sumisio” nahikorik (Azkoitiko EAJk ulertu ez bezala); justu alderantziz baizik. Espainiar banderarekiko adar jotze umiliagarritzat hartu izango zuten Udalaren erabakia, ikustea besterik ez baitago nola berreskuratu zuten gaia eta denbora batera beste sententzia baten bidez agindu berri bat inposatu. Alegia, haiek bai, espainiar epaileak ondo ulertu zuten bidali nahi izan zitzaien mezua: bandera horrek ez gaitu ordezkatzen.

EAJren udal gobernuari egokitu zaio, beraz, egoera berria kudeatzea, eta  baita kudeatu ere. Inorekin adostasunik edo konplizitate ulerkorrik bilatzeko lanik hartu gabe, bere kabuz eta gehiengo osoak ematen dion zilegitasun guztiarekin hartu du sententzia bere erara betetzeko erabakia. Balkoiaren erdi-erdian, bandera makil elegante askoan eta azkoitiarren gurtzarako zintzilikatu dute bandera espainiarra.

Horrekin nahikoa ez eta inork eskatu gabe Europar Batasunekoa ere jarri dute Espainiakoaren ondoan, epaileen sententzia borobiltze aldera, itxura denez. Azken bandera horrek europar guztiak ordezkatzen gaituen ustea izango dute nonbait udal arduradunek, troikaren bandera, muga itxien Europaren bandera, hondartzetako errefuxiatuen hilotzak estaltzen dituen bandera abegikorra; horrexek, bai, hain justu horrexek, ordezkatzen gaitu azkoitiarrok ere. Hori ez da legeekiko sumisioa erakustea, ez, hori nagusiarekiko “pleitesia” eta “serbilismo” adierazpen bat da.

Agerikoa denez ez zaigu gustatu hartu duten erabakia. Ez Europakoak eta ez Espainiakoak ez gaitu ordezkatzen eta nahiko genuke mezu hori era batera edo bestera adieraziko lukeen erabakia hartu izan balu udal gobernuak. Epaileak bai, oraingoan bai, haiek garbi ulertu dute Udaletik eman nahi izan duten mezua: lasai, gu gauden bitartean zuen esanetara duzue Azkoitiko Udala.

Hala ere, jakin badakigu legeari eta sententziari erantzun bat eman behar zaiola eta udal ordezkariek ez zutela ezer egingo epailearen agindurik egon ez balitz. Ez dugu uste gustura egingo zutenik ere. Baina batzuetan ordezkatzen duzun herriaren borondateari erantzuteak ausardiaz jokatzea eskatzen du. Horrek, noski, konfort egoeratik mugitzera behartzen gaitu eta irtenbide irudimentsuak bilatzearekin batera bidelagunak topatzera bultzatzen gaitu. Udal gobernu berriko arduradunek inoiz horretarako asmorik erakutsiko balute, beraien esanetara ez, baina ondoan bai; hitz eginez adostasunetara iristeko prest ondoan izango gaituzte.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide