Edukiontzi grisak irekiko dituzte, zintzilikarioak bere horretan mantenduta

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 27a, 17:00
Argazkian ezkerretik eskuinera: Javier Zubizarreta alkatea, Ana Azkoitia zinegotzia, Aitor Bereziartua Mankomunitateko lehendakaria eta Miguel Angel Bastida zinegotzia.

Azkoitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak premiazkoa ikusi dute edukiontzi grisak berriro irekitzea, errefusa jaso ahal izateko. Behin-behineko neurria izango da, eta bitartean sistema mistoak orain arte bezala jarraituko du oraingoz. Udalak edukiontzi marroiarekin eta horiarekin dagoen arazoa nabarmendu du, horietara botatzen den zaborra delako herritarrek okerren birziklatzen dutena, eta, horrenbestez, baita Udalari garestien irteten zaiona ere.

 

Edukiontzi grisak jarrita, hondakinak botatzerakoan edukiontziez egiten den erabilera okerra murriztu nahi du Udalak. Hondakinak gaizki banatzeak eta behar den tokian ez botatzeak gastu handia eragiten dio Udalari, birziklatze prozesua galarazten delako. Ana Azkoitia zinegotziak adierazi du ondo birziklatzen dutenen zaborra salbatu nahi dutela. Izan ere, gutxiengo batek gaizki banatzeagatik edukiontzi osoko zaborra birziklatu ezinda geratzen delako. "Birziklapen tasak mantetzea da gure helburua, gutxienez %70, eta oraingo datuak ez dira batere onak", gaineratu du Azkoitiak. "Irailetik hona kristala eta papera bakarrik onartzen dizkigute birziklatzeko, beste guztia bueltan jasotzen dugu gaizki sailkatuta dagoelako, eta horrek kostu handia suposatzen digu. Gainera, edukiontzi horiko hondakinak birziklatzeagatik kopuru osoa kobratzen da, eta organikoarengatik, berriz, %50a; gure kasuan, ordea, guztia ordaintzea egokitzen zaigu, errefusa bezala ordaindu behar izaten dugu, eta oso garesti ateratzen zaigu".

Aldaketa horren bidez, edukiontzien erabilera ez da ordutegi edo egun jakinetara baldintzatuta egongo; nahi denean erabili ahal izango dira. Momentuz, zintzilikarioak ere mantendu egingo dira, eta nahi duenak errefusa asteartetan ateratzeko aukera izango du. Edukiontzi grisak, herrian gainerako edukiontziak dauden puntu guztietan jarriko dituzte datorren zapatura bitartean, eta errefusa botatzeko bakarrik erabili beharko dira. 

Bitartean, sistema aldaketa egiteko gauzatu beharreko pausoak ematen ari direla adierazi du Udaleko zinegotzi Ana Azkoitiak, baina horrek luze jotzen duela. "Zintzilikarioak kentzea da gure asmoa, baina aldaketa horrek denbora eskatzen du. Horretan ari gara".

Herritarrei informazioa ematen eta kontzientziazioan eragiten ibiliko dira Mankomunitateko lau bat lagun, herriko auzo eta kaleetan. Bebarruetan ere oharrak jarriko dituzte, aldaketaren berri herritar guztiek izan dezaten. Izan ere, Udalak herrian izango den sistema erabakitzen du, eta, ondoren, Mankomunitateari dagokio sistema hori behar den bezala betetzeko guztia ondo kudeatzea. Bestalde, bitxikeria moduan, Aitor Bereziartua Mankomunitateko lehendakariak adierazi du organikoaren eta plastikoaren edukiontzietara ohikoa izaten dela jendeak arropak botatzea. 

Javier Zubizarreta alkateak herritarrei eskatu die hondakinak bota behar diren edukiontzietara botatzeko. "Ez gara ari sistemaz eztabaidatzen, landu nahi duguna birziklapen kopurua igotzea da. Denon poltsikoarentzat eta osasunarentzat hobeto izango delako, behar den bezala hondakinak sailkatzea. Mehatxurik ez dugu nahi, herritarren kolaborazioa baizik", azaldu du.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide