Aranbarriren deklarazioa atzeratu dute

Maxixatzen.eus 2015ko eka. 10a, 12:59
Argittu plataforma Azpeitiko epaitegiaren aurrean.

Maxixatzenek zuzenketa bat egin nahi du albistean, eta ondorioak bere gain hartzen ditu.

Baieztatu izan duenez Asier Aranbarriren abokatua ez da "gaixotu"; Udalak pleno bidez abokatu bat izendatu zuen, auzia aurrera eramateko, eta abokatu hori izan da epaiketa atzeratzeko eskatu duena. Arrazoi horrengatik, gaur ezin izan du Aranbarrik deklaratzera azaldu Azpeitiko Justizia jauregira. 

 

Hala ere, Argittu plataformaren kontzentrazioa izan da epaitegi aurrean, 09.30ean, Ustelkeria zantzuak argittu lemapean. 

Pasa den maiatzean Aranbarri Azkoitiko alkate ohia auzipetu zuen Azpeitiko Instrukzio Epaitegiko lehen zenbakiko aretoak, eta gaur zen eguna epailearen aurrean deklaratzeko. Aranbarrik, "lurralde eta ingurumen antolaketako" delitua egotzita deklaratu behar zuen epailearen aurrean.

Argittu plataformak gaiaren jarraipena egiteko eta eskura duen informazioa herritarrei zabaltzeko asmoa iragarri du. Talde horren iritzian, "lurralde eta ingurumen antolaketako" delituaz gain, badira beste zenbait proiektu irregularrak izan daitezkeenak. Hala nola, Oñederreko lixibatuak, Txalon Erreka, Intxausti, Epsilon, Antonio Oteiza Fundazioa eta abar. Proiektu horietan, “gauza deigarriak” daudela azaldu dute eta Udalean "sekulako zorra" utzi dutela. Besteak beste, "hamabost milioi euroko gastu bat egin behar du orain Udalak Oñederreko lixibatuen plantan, aurrez ez direlako ondo bideratu lanak". Izan ere, lixibatuen planta bat egitea bere gain hartu zuen Udalak garai hartan, Oñederreko lursailen salmentan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide