Baserri auzoetakoei Interneta bermatuko zaie

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 12a, 11:51
Argazkia: Jose Luis Arrieta.

Telefono konpainiek ez diete koberturarik bermatzen, eta ondorioz, Interneterako konexio ahula dute landa eremuetako hainbat herritarrek. Arazo horri irtenbidea emateko, Guifinet sistema ezarriko du Udalak, beste herrietako hainbat esperientzia ezagutu ondoren.

 

Udalak azaldu duenez, Guifinet sare aske, ireki eta neutrala da, eta bere filosofia Interneta eta bestelako edukiak elkarbanatzea da. 

Sarea erabili nahi duenak antena bat jarri behar du etxean, sare horretako seinalea bere etxera bideratzeko. Modu horretan, Interneta bermatuta izango du etxean, eta sare horretako beste kideekin bestelako edukiak elkarbanatzeko aukera ere edukiko du.

Adibidez, Azkoitiko kaleko etxean Interneta duen herritar batek, Elosuan duen baserrira bideratu ahal izango du sarea, eta bi tokietan erabili; edo kale etxean linea duen batek bere denda edo lokal batekin ere elkarbanatu ahalko du linea hura.

Sistemak behar bezala funtzionatu dezan, beharrezko azpiegitura jartzen ari da jada Udala. Dagoeneko, San Martinen, Zabaleta baserrian eta Udaletxean jarri ditu kobertura bermatzeko hainbat antena puntu, eta ekainerako Madarixan, Martiten, Odrian eta Elosun ere jarriko ditu, herriko inguru eta bazter guztietan sistema erabiltzeko modua izateko.

Ikastaro bat ere antolatu du Udalak, euren etxean Guifineta jarri nahi dutenei informazio zehatzagoa emateko. Maiatzaren 20an egingo da, 18:30ean, Elkargunean. Zalantzaren bat izanez gero berriz, 943 85 71 72  edo 625 70 63 74 telefonoetara ere deitu daiteke.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide