Udal eta Foru Hauteskundeak

Azkoitiko EH Bildu koalizioak herriko gazte talde baten babesa jaso du

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 4a, 11:23

Azkoitiko EH Bildu koalizioak herriko gazte talde baten babesa jaso du, eta ohar baten bidez azaldu dute maiatzaren 24ko hauteskundeetakoa "aukera ona" dela herriko gazteentzat: "Duela lau urte aldaketarantz ekin genion bideari jarraipena eman diezaiokegu".

 

"Bizi dugun egoera larriari buelta emateko" ezinbestekotzat jotzen dute gazteen parte hartzea, erabaki guneetan ere "gazteak protagonista" izatea. Egun instituzioak "urrun" geratzen zaizkiela azaldu dute, eta azpimarratu dute EH Bildu dela "gazteriaren eta instituzioen arteko zubi lana" egingo duena. Horren adibide direla adierazi dute  "Gaztin Herrixe" dinamika eta gazteak emantzipatu ahal izateko diru-laguntzak.

Herriko gazte taldeak "babes eta animo guztiak" adierazi nahi dizkie EHBilduren zerrendan joango diren Iraitz Korta, Ainhoa Aranbarri, Ainara Azpiazu eta Iraitz Otaño gazteei.

"Denbora gehiegi" pasa dela uste dute taldeko kideek "gazteei erabakitzeko eskubidea kendu" zietenetik, eta "kaleez gain botereguneak" ere eurenganatu beharra dutela uste dute "aldaketa benetakoa" izateko. Herriko gazteek bi aukera dituztela azpimarratu dute: "Gazteok eta gazteontzat eraikia izango den Azkoitia berri batean bizi edo gure hitzak baliorik izango ez duen herri batean bizi".

Bukatzeko, gazte azkoitiarrei deia egin die "etxetik atera eta aldaketarantz urrats bat gehiago" eman dezaten maiatzaren 24ean ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide